Marte Lasarte
Marte Lasarte Borja Anton eta Pello Armendarizen batzetik sortutako proiektua da. Skakeitan proiektua 15 urtez partekatu ondoren, berriz ere indarrak batu zituzten euren lehen bilduma idazten hasteko 2023an.
2024an zehar “Basamortua” eta “Marte Lasarte” singleak kaleratu zituzten eta taldera bi kide berri batu zitzaizkien: Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (Skakeitan, ETS, Tierra Santa, Gari,...).
Horrela, laukote honek lehen bilduma osatu zuen eta "Ez Da Besterik" argitaratu zuten (2024, Balaunka). Ordutik biran dabiltza zuzeneko indartsu eta dinamikoak eskaintzen Euskal Herritik zein kanpotik.
Sua
SUA, Maruri (Bizkaia) herriko rock alternatiboko taldea, indarrez dator berriro. Post-punkaren energia gordina eta melodia indartsu eta itsaskorrak uztartuz, euskaraz eta ingelesez abesten dute, errebolta, indarra eta zaurgarritasuna kanalizatuz soinu esplosibo batean.
2019ko "Ordu Beltzak" diskoarekin eta 2022ko "Gorde Genituen Beldurrak" lanarekin, SUA Euskal Herriko eta nazioarteko eszenan erreferente bihurtu da, zuzeneko bizi eta kementsuengatik Alemanian, Japonian eta Hego Korean ere entzuleak harrapatuz.
Azaroan, bere hirugarren diskoa kaleratu du: "Bide Ilunek Argitzen Zuten Dena". Lan berriak aurrekoetan baino tonu rockeroagoa dakar, eta intentsitatez beteriko abestien artean kolaborazio berezi bat ere aurkituko dugu: Cecilia Boström-en (The Baboon Show) ahots paregabearekin egindakoa.