Aviso de Privacidad

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarte publicidad personalizada en basa a un perfil elaborado a partir de tus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas)

Para más información consulta la Cookie-en politika

gurdia shopping_cart
IFRIM - LLORENTE  BIOLIN ETA PIANO DUOA

IFRIM - LLORENTE BIOLIN ETA PIANO DUOA

IFRIM - LLORENTE BIOLIN ETA PIANO DUOA

 Atzera

Deskribapena

CRISTIAN IFRIM
Zortzi urterekin hasi zen biolina jotzen ikasten, jaioterrian, Bukaresten. Biolin eta biolako espezialitatean graduatu zen nota gorenekin Bukaresteko Goi Kontserbatorioan. Ondoren, fintzeko ikasketak egun zituen Avi Abramovich, Varujan Cozighian, George Nicolescu eta Stefan Gheorghiu maisuekin.
1979tik 1984ra Bukaresteko George Enesco Orkestra Filarmonikoko lehen biolina izan zen, eta bakarlari gisa parte hartu zuen zenbait kontzertutan.
«Promusica» laukotea osatu zuen, Bukaresteko Orkestra Filarmonikoko bakarlariek osatuta, eta hari esker Colmarreko Laukoteentzako Nazioarteko Txapelketa ospetsuan bigarren saria lortu zuten, Frantzian. 1984tik 1991ra bitartean biola bakarlariaren plazan aritu zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoan.
Alberto Iglesiasekin elkarlanean aritzen da Pedro Almodóvar eta Julio Medemen filmentzako musika konposatzen, eta Lanzaroteko Musika Bisualaren Jaialdian eta Malagako Zinema Jaialdian ere aritu da.
1990ean, «Nicanor Zabaleta» Nazioarteko Txapelketako lehen saria irabazi zuen, epaimahaiak aho batez emana.
1991n kontzertu-bira bat egin zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Béla Bartóken biola eta orkestrarako kontzertua interpretatuta. Sarritan gonbidatzen dute nazioarteko jaialdietan parte hartzera, besteak beste, Suitzan, Errumanian, Alemanian, Italian, Frantzian, Polonian, Txinan, Macaon, Thailandian eta Korean. Amadeus Quartetekin kolaboratu du hainbatetan.
1988an Ifrim-Llorente duoa osatu zuen Maruxa Llorente pianistarekin. Claret Piano Quarteten ere badabil, biolinista gisa, eta Quatuor Europako lehen biolina da. Talde horiekin kontzertuak eskaintzen ditu Espainian eta atzerrian.
2013 eta 2016 artean bakarlari aritu zen Poloniako orkestra sinfonikoetan. Asier Polo biolontxelista handiak zuzendutako Madrilgo Musikae Nazioarteko Akademia eta Jaialdi Forumeko gonbidatua da. Biolin-irakaslea izan zen Madrilgo Alfonso X el Sabio Unibertsitatean. Gaur egun, biolineko katedraduna da Nafarroako Musikako Goi Eskolan, Iruñean.
MARUXA LLORENTE
Donostiako Musika Kontserbatorioan ikasi zuen Juan Pedrosarekin, eta Parisko Musika Kontserbatorio Nazionalean Dominique Merlet, Jean François Heisser eta Jean Mouillèrerekin. Azken eskola horretan pianoko eta ganbera-musikako lehen saria lortu zuen. Eusko Jaurlaritzaren eta Frantziako Gobernuaren bekak eskuratu ditu. Sariak lortu ditu Radio Franceren lehiaketan, «Música en Compostela»n (Rosita López Comunión, Luis Colemán eta Rosa Sabater saria) eta Albacete hiriko lehiaketan (lehen saria).
Ganbera-musikan asko aritu da, eta itzal handiko artistekin kolaboratu du: Asier Polo (Torrelodoneseko foruma, Morelia – Mexiko, Musikae foruma), Lluis Claret, Tasso Adamopoulos, Bruno Pasquier… Hainbat jaialditara gonbidatu dute, hala nola Santanderrera, Donibane Lohizunera, Bukarestera, Sinaiara (Errumania) eta Martina Francara (Italia). Horrez gain, Alberto Iglesias konpositore ezagunaren grabaketa eta kontzertu ugaritan parte hartu du, eta Lanzaroteko Musika Bisualeko Jaialdian eta Malagako Zinema Jaialdian jo du.
Claret Piano Quarteteko kide da Gerard Claret, Lluis Claret eta Cristian Ifrimekin batera, baita Ifrim-Llorente duokoa ere. Talde horiekin Espainia eta Europako oholtzetan ibiltzen da.