Deskribapena
FICAB: BIDASOKO XXVI. NAZIOARTEKO ZINEMALDI ARKEOLOGIKOA FAUNOREN SEKRETUA - PONPEIAKO IPUIN Italia. 2026, 3’ ZUZENDARITZA: PIETRO GALIFI, LUIGI GIANNATTASIO 1960ko hamarkadan Ponpeiako hondarretan girotutako film laburra. Bisita gidatu baten barruan, haur batek izaki misteriotsu bat aurkituko du, Faunoaren Etxeko fauno txikia, eta, presentzia magiko horren eskutik, Ponpeian barrena ibiliko da, pixkana-pixkana hiria berpiztu egingo baita. Istorio atenporal bat, haurtzaroari, fantasiaren indarrari eta Ponpeiaren betiereko arimari buruzkoa. PONPEIAKO HILDAKO BIZIDUNAK Italia. 2018, 50’ ZUZENDARITZA: MARCELLO ADAMO Ponpeiako biktimen igeltsuzko 86 moldeak munduan parekorik ez duen lekukotasun arkeologiko bat dira. 1863an sortu ziren, Giuseppe Fiorelli arkeologoak asmatutako teknika iraultzaile bati esker, baina asko oso hondatuta zeuden, urteen joana zela medio, eta, Giancarlo Napoli irakaslearen gidaritzapean, lantalde bat haiek zaharberritzen ari da, balio handikoak baitira. Erronka handia da, materia inorganikoan integratutako materia organikoa zaharberritzea baita kontua; alegia, igeltsuan integratutako giza hezurrak. Hala ere, prozesua bada aukera bat ere historialari eta antropologoentzat: Ponpeiaren eta ponpeiarren azken momentuei buruz gauza berriak ikasteko aukera. Teknologia medikoaren eta irudia lantzeko teknologiaren sofistikazioari eta DNAren analisiari esker, Ponpeiako erupzio suntsigarriaren biktimak berriz suspertzen ari dira.